XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKAL LIBURU ETA DISKO AZOKA ABENDUAREN 5,6,7 eta 8an DURANGO, euskaldungoaren topaleku

Datorren abenduaren 5,6,7 eta 8an eratuko da Durangon, urtero bezala, Euskal Liburu eta Disko Azoka.

1965eko urtarrilaren 22an, Abadiñoko jaietako afaloste batean, Gerediagako laguntalde batek antolatu zuen azoka honek berebiziko garrantzia hartu du ondoko urteetan.

Gaurregun, hamasei urte geroago, Durangoko azoka ez da Durangokoa bakarrik, Euskal Herri guztikoa baizik.

EUSKAL KULTURAREN HIRIBURU NAGUSI

Lau egunetan zehar, Durango euskal kulturaren hiriburu nagusi izango da.

Argitaletxeek beren azken liburu eta diskoak azalduko dituzte eta inguru-minguru horretan bilduko dira euskal idazle, literatur gizon, irakasle, euskaltzale eta, bataz beste, euskaldungo guztia.

BERROGEITAKA ARGITALETXE BILDUKO DIRA DURANGON

Tradizioz, Udako Euskal Unibertsitatea, gau-eskoletako jendea, Euskal Idazleen Elkartea eta beste hainbat talde Durangoko azoka honetaz baliatu izan dira, noizik behingo bilerak bertan egiteko.

AURTENGO EGITARAUA

Aurtengo egitaraua honako hau izango da:.

Abenduaren 5ean. Jon Kortazar jaunak Sarrera-hitzaldia egingo du, Mogel euskal idazlearen obrari buruz.

Abenduaren 6an. Jendaurreko mahai-ingurua eratuko da.

Joan Mari Torrealday moderatzaile delarik, Jon Kortazar, Anjel Zelaieta, Juan San Martin eta Federico Krutwig idazleek Mogel idazlea aztertuko dute.

Abenduaren 7an. Hitzaldi bat izango da, euskal irrati-telebistaz.

Arazoa zertan den eta noiz hasiko den.

Abenduaren 8an. Azkenik, bertsolaritzaren lehena eta oraina aztertuko da mahai-inguru batean.

Moderatzaile Abel Muniategi izango da eta hizlariak Xabier Amuritza, Lazkano, Lazkao-Txiki eta Jose Ramon Etxebarria.

PERU ABARKAk EHUN URTE

Horrez gainera, aurten betetzen dira ehun urte Mogelen Peru Abarka liburua lehenengo aldiz argitaratu zela, Durangon hain zuzen ere.

Urteurren hau ospatuz, Gerediagak obra horren argitalpen berri bat egingo du, faksimil eran, Anjel Zelaietaren hitzaurre batekin.

Bestalde, XIX mendearen azkenetan zein XX mendearen hasieran Durangon euskal inprimategi asko zeudenez gero, Gerediagak orduko kultur giro hura gogorarazi nahi du, garai haietan Durangon argitaratutako liburuen erakusketa bat antolatuz.

Zentzu honetan, Nikolas Alzola azterlariak orduko argitaletxeez txosten bat burutu du eta azoka egunetan jendaurrean azalduko.

IPARRAGIRREREN OMENEZKO DISKOA

Azkenik, eta Iparragirre kantaria hil zeneko mendeurrena ere aurten ospatzen denez gero, Xoxoa diskoetxeak Iparragirreren omenezko album bikoitz bat aurkeztuko du Durangon bertan.

Guztira, Iparragirreren hamazazpi kanta izango dira, gaurreguneko beste hainbat euskal kantarik eskainiak.

Berrogeitaka argitaletxe bilduko dira Durangon.